XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bapatean 95 antologia plazaratu du Bertsozale Elkarteak

DV. DONOSTIA

Bapatean 95 izeneko bertso-antologia eman du argitara Bertsozale Elkarteak.

Saileko zortzigarren liburua da hau, lehenengoa Bapatean 88 izan zelarik.

1995 osoan zehar izandako 46 saiotatik ateratako bertsoak dakartza liburuak.

Guztira 53 bertsolariren lanak ikus daitezke bertan.

Besteak beste, Lazkao Txikik jendaurrean kantatutako azken bertsoa dakar.

Urte hartako Bertsolari Egunean bota zuen bertso hori.

Beste batzuen azken bertso publikoak ere aurki daitezke, hala nola Basarri eta Manuel Lasarterenak.

Baita orain oso ezagun diren bertsolari gazte batzuen aurrenekoetako bertso batzuk ere, esaterako Unai Iturriaga, Jesus Mari Irazu eta Igor Elortzarenak.

Azken urteotako bertsogintza aztertu nahi duenak oso tresna baliagarria izango du liburu-bilduma hau.

Jakin, grabazioetara ere jo daiteke, baina liburuen sistema hau errazagoa, erabilgarriagoa da, esan zuen Joxerra Garziak lehengo asteko aurkezpenean.

Urte hartako bertsogintzaren inguruko zenbait datu ere eskaintzen du liburuak; adibidez, 241 jaialdi izan zirela Euskal Herri osoan, beste 269 saio plaza libreko.

248 bertso-afari eta beste era batzuetako beste 285 saio.

Hau da, 1.041 bertso-saio guztira.

1996.eko saioak gutxiago izan ziren, liburuak dioenez: 978 guztira.

Horietatik, 180 jaialdi izan ziren, beste 260 plaza libreko saio.

261 bertso-afari eta 276 bestelako.